2019-11-24

HACIENDO PATRIA

Inorentzat ez da sekretu bat mass-mediak interes eta ideologia desberdinen zerbitzurako tresna huts direla, eta ez, inondik ere, irakurleari gustatuko litzaiokeen argazki-makina moduko zerbait, benetako errealitatea objektiboki irudikatzekoa. Horrelakorik ez da oraindik asmatu, guk dakigunez: komunikabide bakoitzak bere xedeak ditu eta bakoitzak bere jolas interesatua begi-belarrietaratzen digu, paperez, hotsez zein irudiz.
Baina hori onartuta ere, irakurleoi kalte handiagoa egiten digu beren interesak eta ideologia kamuflatzeko ahaleginetan aurkezten duten aurpegi neutral eta orbangabeak, zeren eta itxura aseptiko horrek gure jarrerak akritiko bihurtu nahi izaten baititu, prest egon gaitezen, jokoaren zikinaz jabetu gabe, botatzen diguten guztia irensteko, digeritzeko eta, oharkabean, geure egiteko.
Askotan bereganatzen gaituzte horrela eta, hori dela eta, nahi dutena pentsaraztera eramaten gaituzte, geure burua poliki-poliki sinestera iristen garen leloz eta topikoz betetzeraino, berdin esparru ekonomikoan eta sozialean (hobe osasun eta hezkuntza arloak pribatizatuko balira, ez dira zergak areagotu behar, pentsioetarako dirurik ez dago eta plan pertsonalak kontratatu behar dira, atzeratu egin behar da jubilaziorako adina, enpresei ezin zaizkie zergak igo, izoztu behar dira langileen soldatak, bankuei ezin zaie haien erreskaterako erabili den dirutza itzularazi...), zein politikoan (“todos somos una nación”, independentziak hondamena baino ez lieke ekarriko Kataluniari eta Euskal Herriari, hau ez da Herri kolonizatua eta ondorioz ez dago autodeterminazio-eskubiderik...), edo linguistikoan eta kulturalean (“tenéis la suerte de poseer dos lenguas”, euskara batua artifiziala da, astakeria bat da euskara derrigorrezko bilakatzea, “la Cultura Vasca es la que se hace en el País Vasco”, “la lingua navarrorum es el español”, gaztelania da etorkinen integrazio-hizkuntza...).

****************

Horren adibide garbiak ditugu eguneroko prentsan, eta bereziki ABC egunkariaren ahaide hurbila diren bi egunkarietan, hau da, Vocento taldeko El Correo izenekoan (garai batean osatuago eta aratzago zeraman identifikazioa, El Correo Español, el Pueblo Vasco bezala saltzen baitzen) eta izenagatik nonbait hemengoagoa dirudien El Diario Vasco delakoan. 
Baina inertzia sozialak direla eta, egia da beren burua arras “basko”-tzat dutenak ere (Deia, Noticias de Alava-Gipuzkoa-Navarra, Gara) ez direla beti uste bezain erne aritzen, ABCren senideena bezalako tankera hartzen baitzaie haien albisteei nahi baino gehiagotan.
Edozelan ere, mailak eta mailak daude (Correok 60.000 ale baino gehiago banatzen ditu egunero, eta DV-k 50.000), eta Euskal Herri zabalean (Benidorm barne, jakina) ez da Vocentoko egunkari horietakoren bat irakurtzen ez duen abertzalerik. Are gehiago, adineko izan zein gazteago, egunkari horiek dira euskotar eta euskaldunen egiazko iparrorratza (galdetu, konfirmatzeko, Basque National Party-n), eta horietatik markatzen dira Herri honen norabidea, politika eta bizimodua, oro har. Eta haiek konfiguratzen dituzte, tantaz tanta, gure buruak eta gure ideologia. Izatez, auzi guztietan dute hitzik eta irizpide zuzenik, eta horrela hedatzen duten sentsibilitatearekin bikain betetzen dituzte enkomendatuak dituzten funtzio erraldoiak. Patria egitekoa, besteak beste.

****************

Trauskila baina efektiboa da Patria egiteko darabilten eskema. Alegia, Patriatzat hartzen duten Estatua betidanik finkoa eta aldaezina balitz bezala agertzea da funtsezko gakoa, eta segidan, haren muga eternoetatik inoiz ere kanporatu gabe, bertako osagaiak eta elementuak gogoraraztea, haren baitako abantailak laudatzea eta, mailu-kolpeka bezala, subkontzientearen beste atal bat bezala iltzatzea irakurlearen gogoan. 
Nola bideratzen den hori? Bada, Patria goresten duten kirol-gorabeherak naturaltasunez iradokitzen (guztion liga eta ekipoak, “la Selección”, “La Copa”...), ekonomia “nazionala”-ri buruzkoak azpimarratzen (Ibex-35, “El Gordo”...), politika arloko alderdi, agintari, itun eta aliantzak amaigabe harira ekartzen, geure buruari eman omen diogun konstituzio sakratua goraipatzen, anai bezala batzen gaituen monarkiako kideak supazterreraino ekartzen, Baigorri non dagoen ez dakien irakurle gizagaixoa espainiar geografiarekin etengabe matxakatzen (ezagutu beharreko hiri ederrenak, bidaiak, ibilaldiak...), EHko herriak espainiarren zaku berean sartzen, El Norte eta El Sur direlakoak senidetze eta besarkatze etengabekoetan azaltzen, ahulenaren kalterako baino ez den kultur mestizajearen premia lau haizetara aldarrikatzen, Iparraldeko euskaldunak “vasco-franceses” direla behin eta berriz azpimarratzen... 
****************

Esan gabe doa Patriak eta Aberriak, guztiaren gainetik, hizkuntza bat edo beste hautatzean eta baliatzean eraikitzen direla, hizkuntza bat era hegemonikoan erabiltzean, esan nahi baita. Alegia, euskarak eraikitzen ez duen Patria bat eraikitzen du gaztelaniak. Konpai katalanek ezin hobeto erakutsi digute azken boladan. Eta kontrako zentzuan bada ere, nafar zenbait ere hori bera islatzen ari dira gero eta ustelago isurtzen zaien euskarafobia gaizkoatuarekin.
Baina Euskal Herriaz kezkatua omen den jendea ez da/gara horretaz gehiegi ohartzen eta segitzen dugu, guregan eraginik egingo ez balu bezala, haiekin sokasaltoan gaztelaniaz, pozik, irriz eta jauzika, Patria eraikitzen. Gu immuneak bagina bezala, eta haiek inpune hutsak izanik. Hain baita, antza, egunerokoa eta naturala jolasa, eta hain oharkabekoa, aldi berean, jasotzen dugun inputa...

****************

Eraikitze-lan horretan badira, hizkuntzaz landa, bestelako adreiluak eta porlan-motak ere. Horietaz garbi ohartzeko aski da Patriaren konfiguratzaile nagusi eta erabilkorrena den gaztelania darabilten komunikabideei begiratu bat ematea. Esate baterako, Telezinko ikustea bezalako errezetarik ez dago euskaldun ikusle menderagaitzak los del Norte otzan bilakatzeko; ezkerragokoak direnei Laxextaren bitartez iristen zaie jainkozko grazia hori.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina