2023-01-29

Think tank

 Kapitalismo neoliberalaren asmakaria da, hura bezain zaharra baina izen berri-modernoa daramana.

Hartan, batzuk beren intereseko estrategia ekonomikoak, politikoak eta sozialak diseinatzeaz arduratzen dira. Beste batzuk, berriz, gizartea mailukatzeko eginkizuna bereganatzen dute, ekin-ekinean estrategia horien permeabilitate soziala lortze aldera.

Lehen multzokoek think tank izeneko elkarteetan bilduta jarduten dute. Filantropoz eta intelektual serioz mozorratuta, ez dute agerian utzi nahi izaten gidari duten ideologia. Horregatik, ezer irabazteko asmorik gabeko erakundeak balira bezala azaltzen dira, presio-talde huts –lobby– izatea besterik bilatzen ez duten arren.

Haien xede bakarra gizartean eragitea da, mugiarazten dituen ideologia egunez egun errotuago eta indartsuago gerta dadin erakundeetan eta jendearen buru-bihotzetan.Bigarren multzokoen eginkizuna gizartearen buruaren gainean mailu-kolpe birtualak ematea da nagusiki. 

Komunikabide-jantziez mozorratuta, prentsan eta irrati-telebistetan aseptikoa bezain neutrala dirudien toki bat bilatzen dute, jendeak haien inpartzialitatean sinets dezan.

Multzo bien artean daude, azkenik, zubi-lan ideologikoa egiten duten apostoluak. Haien ustezko jakituria, aditu-maila eta esperientzia izan ohi dira batzuk diseinatutakoei eta besteek mailu-kolpez ereindakoei sinesgarritasun egokiaren bermea ematen diotenak.

Euskarak ere, nola ez, badu tarterik haien planteamenduetan, baina zuzen eta zehatz aipatu gabe uzten dute beti hizkuntz gutxituaren izena. Inteligenteki, harekiko duten mespretxu laidogarria eufemismoz estalia dator beti. Eta baita hura deuseztatzeko gogoa ere.

2023-01-26

Mañeru (Nafarroa)

Mañeru herriari ez zaio eremu erdaldunetik eremu mistora pasatzen uzten.


Nafarroa Garaiko herria da Mañeru eta 436 biztanle ditu. Euskararen Foru Legea egitean (1986), Nafarroako Parlamentuan gehiengoa zuten politikariek esparru ez-euskaldunean kokatzea erabaki zuten. Funtsean, PSN-PSOE-k zituen 20 bozkei zor zaie erabakia. 

2017an egindako doikuntzak medio, zeharo isolatua geratu zen Maiñeru herria esparru ez-euskaldun gisa, 76 biztanle besterik ez duen Girgillaorekin osatzen baitu irla ez-euskalduna. Alegia, linguistikoki esparru mistoa deiturikoa osatzen dute inguruko herriek: mendebaldean, Zirauki herriak (465 biztanle), ekialdean Garesek (2.900 biztanle) eta Artazuk (113 biztanle) eta hegoaldean Mendigorriak (1.124 biztanle). Guztiak dira, esan bezala, eremu mistoko herriak eta euskara ikasteko aukera bermatua die hezkuntza-sistemak.

Mañeruk kondena gisa jasan behar izan duen eremu ez-euskaldunean, berriz, gaztelania hartzen da hizkuntza propio eta ofizialtzat eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuaren borondatearen eskuetan geratzen da bestelako hizkuntz ekimenik bideratu ahal izatea.

Horren aurrean, Mañeru herriak euskara bertako hizkuntza propiotzat aldarrikatu du –aho batez aldarrikatu– eta bere burua esparru mistoan izateko, Parlamentura bideratu du ezinbestekoa den lege-aldaketa burutzeko proposamena hainbat talderen bitartez (EHBildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra).

Ez ikerketa historikoek eta soziolinguistikoek, ez matrikulazio-datuek eta ez herriaren nahiak berak ez dute Navarra Suma eta PSN-PSOEren borondatea aldarazi eta, hori dela eta, Nafarroako Parlamentuak ez du aldatuko Euskararen Legea.

Adierazgarriak dira horren kontra agertzeko erabili diren argudioak: Navarra Sumak ez bide du egoki ikusten, “a priori al menos”, eredu mistoa zabaltzea (!!!!), Mañeru irla huts bihurturik geratua den arren. PSN-PSOErentzat, bestalde, hori baino gai garrantzizkoagoak omen daude momentu honetan.


Euskara ez dago agendan. Euskara inoiz ez dago erdigunean. Euskara, izatez eta egiaz, Lingua navarrorum bada ere.

2023-01-24

Zedarriak

 Plataforma zibiko independentea” bezala azaltzen den erakundea da Zedarriak, 2022ko martxoan sortua eta enpresari baskongadoen lobby gisa jarduteko xedearekin jaioa. 

Erakunde-izena euskaraz badarama ere, Gaztelania du komunikazio-hizkuntza. 

Albiste bilakatu da atera berri duen txostenean Hezkuntza-sisteman eragiteko erabakia argi utzi duelako, oraingoan ekonomia bera baino garrantzi gehiagokoa iruditzen baitzaio Euskal Herriko kultura eta hizkuntza ez hegemonikoak astintzea.

Erdi lausoturik utzi badute ere, eragite hori Euskarak Hezkuntza-sisteman duen presentzia ahula ahulago bihurtzetik hasiko da, edo haien prentsa-oharrak eufemismo bat baliatuz nabarmentzen duen bezala, “malgutzetik”. Alegia,

es fundamental dar pasos concretos y progresar de forma decidida en el diseño de sistemas educativos flexibles

Zeren eta, Zedarriak izenarekin mozorratutako baskongado-saldoak 

propone intensificar el debate público […], con objeto de avanzar hacia una sociedad abierta, de acogida, atractiva para innovadores y personas que busquen su desarrollo personal y profesional en Euskadi. 

Harrera-gizarte irekia, solidarioa, erakargarria... egin nahi du dena delako Euskadi izeneko hau berriztatzaileentzat eta beren garapen pertsonala eta profesionala bilatzen duten mundutar guztientzat.

Hezkuntza-sistemak malgutzea da hori lortzeko nahitaezko baldintza, noski. Edo bestela esanda, Euskara ezin da izan kanpotik ekarri nahi duten jendearentzako eragozpena. Ken bedi, beraz, Euskara ikasketa-plan guztietatik!