2023-01-29

Think tank

 Kapitalismo neoliberalaren asmakaria da, hura bezain zaharra baina izen berri-modernoa daramana.

Hartan, batzuk beren intereseko estrategia ekonomikoak, politikoak eta sozialak diseinatzeaz arduratzen dira. Beste batzuk, berriz, gizartea mailukatzeko eginkizuna bereganatzen dute, ekin-ekinean estrategia horien permeabilitate soziala lortze aldera.

Lehen multzokoek think tank izeneko elkarteetan bilduta jarduten dute. Filantropoz eta intelektual serioz mozorratuta, ez dute agerian utzi nahi izaten gidari duten ideologia. Horregatik, ezer irabazteko asmorik gabeko erakundeak balira bezala azaltzen dira, presio-talde huts –lobby– izatea besterik bilatzen ez duten arren.

Haien xede bakarra gizartean eragitea da, mugiarazten dituen ideologia egunez egun errotuago eta indartsuago gerta dadin erakundeetan eta jendearen buru-bihotzetan.Bigarren multzokoen eginkizuna gizartearen buruaren gainean mailu-kolpe birtualak ematea da nagusiki. 

Komunikabide-jantziez mozorratuta, prentsan eta irrati-telebistetan aseptikoa bezain neutrala dirudien toki bat bilatzen dute, jendeak haien inpartzialitatean sinets dezan.

Multzo bien artean daude, azkenik, zubi-lan ideologikoa egiten duten apostoluak. Haien ustezko jakituria, aditu-maila eta esperientzia izan ohi dira batzuk diseinatutakoei eta besteek mailu-kolpez ereindakoei sinesgarritasun egokiaren bermea ematen diotenak.

Euskarak ere, nola ez, badu tarterik haien planteamenduetan, baina zuzen eta zehatz aipatu gabe uzten dute beti hizkuntz gutxituaren izena. Inteligenteki, harekiko duten mespretxu laidogarria eufemismoz estalia dator beti. Eta baita hura deuseztatzeko gogoa ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina