2023-01-26

Mañeru (Nafarroa)

Mañeru herriari ez zaio eremu erdaldunetik eremu mistora pasatzen uzten.


Nafarroa Garaiko herria da Mañeru eta 436 biztanle ditu. Euskararen Foru Legea egitean (1986), Nafarroako Parlamentuan gehiengoa zuten politikariek esparru ez-euskaldunean kokatzea erabaki zuten. Funtsean, PSN-PSOE-k zituen 20 bozkei zor zaie erabakia. 

2017an egindako doikuntzak medio, zeharo isolatua geratu zen Maiñeru herria esparru ez-euskaldun gisa, 76 biztanle besterik ez duen Girgillaorekin osatzen baitu irla ez-euskalduna. Alegia, linguistikoki esparru mistoa deiturikoa osatzen dute inguruko herriek: mendebaldean, Zirauki herriak (465 biztanle), ekialdean Garesek (2.900 biztanle) eta Artazuk (113 biztanle) eta hegoaldean Mendigorriak (1.124 biztanle). Guztiak dira, esan bezala, eremu mistoko herriak eta euskara ikasteko aukera bermatua die hezkuntza-sistemak.

Mañeruk kondena gisa jasan behar izan duen eremu ez-euskaldunean, berriz, gaztelania hartzen da hizkuntza propio eta ofizialtzat eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuaren borondatearen eskuetan geratzen da bestelako hizkuntz ekimenik bideratu ahal izatea.

Horren aurrean, Mañeru herriak euskara bertako hizkuntza propiotzat aldarrikatu du –aho batez aldarrikatu– eta bere burua esparru mistoan izateko, Parlamentura bideratu du ezinbestekoa den lege-aldaketa burutzeko proposamena hainbat talderen bitartez (EHBildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra).

Ez ikerketa historikoek eta soziolinguistikoek, ez matrikulazio-datuek eta ez herriaren nahiak berak ez dute Navarra Suma eta PSN-PSOEren borondatea aldarazi eta, hori dela eta, Nafarroako Parlamentuak ez du aldatuko Euskararen Legea.

Adierazgarriak dira horren kontra agertzeko erabili diren argudioak: Navarra Sumak ez bide du egoki ikusten, “a priori al menos”, eredu mistoa zabaltzea (!!!!), Mañeru irla huts bihurturik geratua den arren. PSN-PSOErentzat, bestalde, hori baino gai garrantzizkoagoak omen daude momentu honetan.


Euskara ez dago agendan. Euskara inoiz ez dago erdigunean. Euskara, izatez eta egiaz, Lingua navarrorum bada ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina